ORIO
JATORRIA ETA FUNDAZIOA
Orioko herria, jatorriz, San Nikolas izeneko parrokia txiki bat zen. 1180an emandako hiri-gutunaren bidez Donostia fundatu zenean, Donostiako Hiribilduaren lurren parte zen parrokia hura. Beraz, Orio Donostiako jurisdikziopean zegoen portu txiki bat izan zen hasieran, populazio gutxikoa eta garrantzi eskasekoa.
KOSTALDEKO DONEJAKUE BIDEA
Mendizorrotzetik barrena Donostiatik Santiagora zihoazen erromesak Oriotik pasatzen ziren.
Garai batean ibaia alde batetik bestera txalupaz pasatzeko “maravedi” bat ordaindu behar izaten zuten bidaiariek, baina —jasota geratu diren testigantzen arabera— erromesek ez omen zuten dirurik ordaindu beharrik izaten ibaiaz bestaldera pasa eta beren bidaia segitu ahal izateko.
Gaur egun ikus daitezke oraindik Donejakue Bideko galtzada zaharraren zati batzuk, eta zutik dago, baita ere, Tours-eko san Martinen ermita, erromesentzat geraleku zena. Ermita dagoen tokitik Orioko ikuspegi ederrenetako bat goza daiteke itsaso aldera begiratuta.
ORIOKO HIRIBILDUAREN FUNDAZIOA
Donostiaren menpean zegoen portua garatzeko, Gaztelako Erregeak, Juan I.ak, Orioren fundaziorako hiri-gutuna eman zuen Burgosen 1379ko uztailaren 12an. Dokumentu haren bitartez sortutako hiribilduari “Villarreal de San Nicolás de Orio” izena jarri zitzaion eta bertako biztanleei Donostiako Forua eman zitzaien.
XVI. MENDEKO BALEA-ARRANTZALE ORIOTARRAK
XVI. mendean Euskal Herriko ontzigintza Europako hoberenetakoa zen eta hemengo arrantzaleak trebeenak ziren balea arrantzan.
Garai hartan, urtero-urtero, udaberriarekin batera, hogei edo hogeita hamar ontzi abiatzen ziren balea-arrantzara Oriotik eta Euskal Herriko beste portuetatik. Ontzi bakoitzak laurogei inguru lagun zeramatzan barruan. 200-700 tonako ontzi handi haiek Ozeano Atlantikoa zeharkatu eta gaur egun Kanadako lurra den Gran Baya-ra iristen ziren.
Etxetik udaberriaren hasieran ateratzen ziren arrantzale haiek ez ziren negua arte bueltatzen eta askotan Gabonak ere bertan pasatzen zituzten.
Egun Red Bay eta Chateau Bay izenez ezagutzen ditugun lekuetan ezartzen zituzten beren txabolak lanean hasteko. Gran Baya Ternuako irlaren eta Labradorreko penintsularen artean geratzen den badia handi bat da; zabala gertatzen da iparraldera eta estutu egiten da hegoaldera. Itxura denez, baleek ibilbide horri segitzen zioten eta estugune hori oso aproposa zen arrantzarako.
Balea bila txalupaz joaten ziren. Hiru bat txalupa behar ziren bakoitza sei lagunekin balea bat inguratu eta arpoiaz hiltzeko eta, gero, beste pare bat gehiago hura lehorrera garraiatzeko. Behin lehorrean, laban handien bidez zatitzen zen eta zatiak labeetara eramaten ziren han “sain” izeneko koipea egiteko. Ontzi batek karga zezakeen koipe guztia salduta lortzen zen diruarekin bi galeoi erosteko adina irabazten zuten arrantzale haiek. Horrek esplikatzen du zergatik joaten ziren hain urrutira hainbeste nahigabe eta lan pasatzera.
Gai horietan aditua den Selma Huxley kanadiarrak ezagutarazi ditu, inork baino gehiago, arrantzale haiei buruzko kontuak eta berari esker dakizkigu hainbat eta hainbat garai hartako oriotar arrantzaleen eta bere familiakoen izenak: Joanes de Etxaniz, Madalena de Urdaire, Domingo de Aganduru, Maria de Arranibar, Domicuca de Arbe, Maria Joango de Aganduru, Nicolas de Hendaia, Francisco de Jauregieta, Lazaro de Segura…